#AldaketaGlobala Euskal Herrian

Orain arte euskaldunon artean oihartzun asko izan ez badu ere, munduko gero eta txoko gehiagotara heltzen ari den haserre-olatua gurera heldu da. Larunbat honetarako, Urriak 15, manifestazio eta antzeko ekitaldien deialdi mundiala dago eta Euskal Herriko sei hiri hauetatik gertuen duzunera joateko aukera duzu:

  • Baiona, Askatasuna plazan 10:30etan
  • Donostia, Bulebarrean 18:00etan
  • Bilbo, Bihotz Sakratu plazan 18:30etan
  • Gasteiz, Prado parkean 19:00etan
  • Iruñea, Gaztelu plazan ekitaldi ugari
  • Tutera, Foruen plazan 14:00etan

Egun horretarako atera den webguneak oraintxe bertan dioenaren arabera, munduko 866 hiri desberdinetan batera burutuko dira manifestaldiak. 867, 868, …

Manifestuak honela dio:

Urriak 15 – Aldaketa global batean batuak

Urriaren 15ean mundu osoko pertsonek kaleak eta plazak hartuko dituzte. Ameriketatik Asiara, Afrikatik Europara, jendea bere eskubideak aldarrikatzeko altxatzen ari da, benetako demokrazia bat eskatzeko. Orain guztiok batzeko garaia heldu da, mundu mailako eta bortizkeriarik gabeko protesta global batean.

Ezarritako botereek gutxi batzuen onurarako diardute, gehiengoaren nahiei entzungor eginez eta datozen ordain gizatiar eta ekologikoei jaramonik egin gabe. Egoera jasanezin honekin bukatu behar dugu.

Ahots bakarrean bilduta, politikoei jakinaraziko diegu, eta baita zerbitzatzen dituzten finantza-eliteei ere, orain gu garela, herria, gure etorkizuna erabakiko dugunak. Ez gara ordezkatzen ez gaituzten politikari eta bankarien merkantzia.

Urriaren 15ean kaleetan aurkituko gara bilatzen dugun aldaketa globala abian jartzeko. Hau lortu arte, era baketsuan manifestatuko gara, eztabaidatuko dugu eta antolatu egingo gara.

Gu batzeko ordua da. Entzun gaitzaten ordua da.

Urriaren 15ean munduko kaleak hartu ditzagun!

Bideo hauetan mugimenduaren arrazoi eta proposamen batzuk ezagutu ditzakezu. Zatoz!

Eta mugimendua ez da gelditzen: 16an Durangaldean truke merkatua, 21ean Barakaldon zine-foruma, eta abar.

Zuzenketa (2011/11/15) Sustatuko iruzkin honek azaltzen duenez, Gasteizko ekitaldia Konstituzio plazan da. Gaur Urriak 15 da eta 15october webgunean gaurko egunerako 1.039 ekitaldi agertzen dira mundu osoan.

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , | 1 Comment

Eduki askeak bilatzen eta sareratzen EHU/UPV-n

Euskal Herriko Unibertsitatean burutzen ari diren Dokumentazio eta Informaziorako Sarbide Askeari buruzko Jardunaldien barnean, gaur tailer bat egingo dugu. Bertako helburua, eduki askeak dituzten web gordailu publikoak ezagutzea eta bertan informazioa aurkitzen ikastea da. Kasu gehienetan euskaraz dauden eduki askeak bilatuko ditugu edo Euskal Herriari dagozkionak, sare osoan dauden gordailuak zenbaezinak bait dira.

Tailer bat

Irudi originala: jdtornow (CC BY 2.0)

Nire proposamena, jarraian proposatzen diren ariketak egitea da. Ariketa gehienak informazio askea bilatzen ikasteko dira. Azkena desberdina da, informazio askea argitaratzeko era bat ikasteko bait da.

1. ariketa

Euskarazko Wikipediatik Andoni Egañaren argazki bat lortu.

Nondik hasi: http://eu.wikipedia.org/

Bilatzen den erantzuna: argazkiaren helbidea eta lizentzia.

2. ariketa

Wikipedia Commons-etik Andoni Egañaren argazki pare bat lortu.

Nondik hasi: http://commons.wikimedia.org/

Bilatzen den erantzuna: argazki bien helbidea.

3. ariketa

Klasikoen Gordailutik Domingo Agirrek idatzitako Garoa liburua lortu.

Nondik hasi: http://klasikoak.armiarma.com/

Bilatzen den erantzuna: liburuaren lehen kapituluko lehen esaldia.

4. ariketa

Euskarazko WikiQuotetik Woody Allen-en zita bat lortu

Nondik hasi: http://eu.wikiquote.org/

5. ariketa

Gure Gipuzkoan Zarautzko hondartzako argazki bat lortu.

Nondik hasi: http://www.guregipuzkoa.net/index-int.php?lang=eu

Bilatzen den erantzuna: argazkiaren helbidea eta lizentzia.

6. ariketa

Nafarroako Liburutegi Digitaletik, izenburuan “euskara” hitza duten liburuetatik kondairak dituen liburua lortu.

Nondik hasi: https://administracionelectronica.navarra.es/binadi/busqueda.aspx?idioma=eu-ES

Bilatzen den erantzuna: liburuaren orrialde kopurua.

7. ariketa

Koldo Mitxelena liburutegi digitalean, prentsa historikoaren atalean gordetzen den Argia astekariaren lehen zenbakia lortu.

Nondik hasi: http://w390w.gipuzkoa.net/WAS/CORP/DBKBibliotecaDigitalKMWEB/Colecciones/Col_biblioteca_digital_eu.jsp

Bilatzen den erantzuna: liburutegi horretan duten zenbaki zaharrena zein egunetakoa den eta orduan urte osorako harpidetzeak zuen prezioa.

8. ariketa

Fundación Sancho el Sabio liburutegi digitalean, euskarazko liburuetatik, sukaldaritzari buruz dagoen liburua lortu.

Nondik hasi: http://www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-4879/eu/contenidos/informacion/liburutegi_digitala/eu_lib_dig/libutegi_digitala.html

Bilatzen den erantzuna: liburu horretan agertzen diren errezeta baten izena.

9. ariketa

Donostiako Gotzaindegiko Elizbarrutiko Artxibo Historikoan, Pio Baroja donostiarraren bataio-agiria lortu.

Nondik hasi: http://mendezmende.org/eu/partidas/

Bilatzen den erantzuna: Pioren aitaren eta amaren izenak.

Euskarazko Wikipedian Pio Baroja Nessi-ren jaiotsa data ondo dagoen egiaztatu eta gurasoen izenak ere ondo dauden egiaztatu.

10. ariketa

OpenData Euskadi gunetik informazio pare bat lortu.

Nondik hasi: http://opendata.euskadi.net/

Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko dituen estaziorik badago Larrabetzun?

Udalmap-en bitartez zure etxebizitza ortoargazkietan aurkitu. Topatu duzu?

11. ariketa

Indymedia Euskal Herria gunetik informazio batzuk lortu.

Nondik hasi: http://euskalherria.indymedia.org/

Ezkerreko zutabeko “Bilatu” atala erabiliz, AHTren aurkako manifestazio edo ekintzaren bateko artikulu bat bilatu. Zein da artikuluaren helbidea?

AHTri buruzko bideo bat ere bilatu. Zein da artikuluaren  helbidea?

12. ariketa

Creative Commons Search bitartez, material batzuk lortu.

Nondik hasi: http://search.creativecommons.org/ Bilatzen den erantzuna: argazkiaren helbidea.

Flickr aukera erabiliz, argazki aske bat bilatu (erabilera komertziala baimentzen duena eta baita aldaketak egitea), adibidez tailer bati buruz. Zein da argazki horren egilea, lizentzia eta helbidea?

Blip.tv aukera erabiliz, bideo aske bat bilatu (erabilera komertziala baimentzen duena eta baita aldaketak egitea), adibidez Berlin hiriari buruz. Zein da bideo horren egilea, lizentzia eta helbidea?

Jamendo aukera erabiliz,  “euskal” kantu aske bat bilatu (erabilera komertziala baimentzen duena eta baita aldaketak egitea) eta ordenagailutik bertatik entzun. Zein da diskoaren izena, kantuaren izena eta egilea?

13. ariketa

Jamendo webgunera joan eta gustoko duzun kanturen bat aukeratu, nahi duzun estilokoa.

Nondik hasi: http://www.jamendo.com/

Bilatzen den erantzuna: kantuaren izena, diskoaren izena eta egilea.

14. ariketa

Indymeia Euskal Herrian zuk zeuk sortutako albiste bat argitaratu (“Argitaratu” esteka erabiliz). Artikuluaren gaia eta estiloa zuk nahi duzuna (benetakoa edo asmatutakoa). Multimedia fitxategirik gehitzekotan (PDFak, argazkiak, bideoak…) askeak izan behar dira eta egilea zu ez izatekotan egilea eta lizentzia aipatu.

Jardunaldiei buruzko artikulu bat  idatzi nahi izanez gero, gogoratu hemen materiala duzula:

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , , , | Leave a comment

Informazio askearen onurak eta erronkak EHU/UPV-n

EHU/UPV

Gaur, 2011ko martxoaren 16a, Dokumentazioari eta Informaziorako Sarbide Askeari buruzko Jardunaldiak hasi dira Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusean, zehazki Kazetaritza Fakultatean. Nik hitzaldi batekin hartu dut parte. Jardunaldiek bihar ere aurrera egingo dute eta nik tailer bat eskainiz hartuko dut parte.

Jardunaldi osoen egitaraua eta nik gaur ateratako argazki batzuk Indymedian eskuragarri daude.

Nire gaurko hitzaldiaren izenburua “Informazio askearen onurak eta erronkak” izan da eta hauek dira jorratzen saiatu naizen gai nagusiak:

  • Informazioaren digitalizazioa
  • Formatuak
  • Gailuak
  • Lizentziak
  • Gordailuak
  • P2P

Erabili dudan aurkezpena hemen argitaratzen dut:

PDF
20110316InformazioAskea-EHU.pdf (3 MB)

ODP
20110316InformazioAskea-EHU.odp (6 MB)

Beste hizkuntzak: castellano

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , , , , , , | Leave a comment

Giza eraikuntza era berriak

EDUSOL 2009

Atzeratutako materialarekin nator. Aurkezpen hau, 2009an Mexikoko EDUSOL jardunaldietan eman nuen hitzaldi batekoa da. Mintegian parte hartu ondoren, prestatzen ari nintzen artikuluari buruzko hitzaldi bat ematea proposatu zidaten eta hala egin nuen. Laster, lankidetzan garatu genituen artikuluak batzen dituen liburua argitaratuko da, beraz, liburuak argia ikusten duenean, nik idatzitako testua argitaratuko dut hemen.

Konferentziaren bideoa (128 minutu) EDUSOLen gunean eskuragarri dago eta erabili nuen aurkezpena hau da:

PDF
20091119Politica2.0.pdf (1,9 MB)

ODP
20091119Politica2.0.odp (2,5 MB)

Beste hitzkuntzak: castellano

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , | Leave a comment

Teknologia berriak eta intimitatea

Nola babestu pribatutasuna zure datuetan eta komunikazioetan.

pasahitza

Teknologia berriek hainbat eta hainbat abantaila ekarri dizkigute gure eguneroko bizitzara, baina baita arazo berri batzuk ere. Adibidez, gure eguneroko bizitzaren jardunean pribatutasuna gordetzea gero eta zailagoa da. Euskal Herriko gero eta kale gehiagotan bideo kamerek gure gorabeherak ikusi eta grabatzen dituzte. Garraio publikoa erabiltzeak hainbat kamerek gure mugimenduak gordetzea dakar eta bidai txartelen bitartez guri buruzko hainbat informazio erregistratu eta gordetzen da. Azkenaldian hainbat denda, kafetegi eta tabernatan ere kamerak instalatzen ari dira guk egiten dugun guztia grabatuz. Kamera horietako askok, gainera, Internet bidez zuzenean emititzen dute ikusten dutena, gure pribatutasuna urratuz. Kreditu txartela eta telefono mugikorra erabiltzen baditugu, gure gaineko jarraipena biderkatu egiten da; zer, non eta noiz erosten dugun grabatuta geratzen da eta noiz, non eta norekin hitz egiten dugun ere jakin daiteke.

Azken asteotan jakin dugun bezala, espainiar Estatuko gobernuak erabiltzen duen SITEL sistemari esker, nahiz eta telefonoz inori ez deitu, aparailua piztuta izateagatik bakarrik gu guztion kokapena jarrai dezakete. Kokapena hain zehaztasun osoz eta segundoz segundo jakinik, nora goazen eta norekin gauden jakin daiteke poltsikoan dugun salatari txiki horri esker. Eta ez pentsa epaile batek baimena eman behar duenik zure intimitatea horrela urratzeko, azken asteotan jakin denez, epaileek sistema hau existitzen zenik ere ez baitzekiten. Ipar Euskal Herrian ere egoera antzekoa da, Frantziar estatuak EVIDGE legea onetsi zuenetik, hamahiru urtetik gorako edozein biztanleren datu pribatuak (izena, abizenak, argazkiak, bideoak, lagun eta sendikoen izenak eta beraiekin dugun erlazioa, sexu joera eta abar) gorde ditzakeen datu base bat sortzen ari baitira. Zertarako? Kamerak, zelatatze sistemak eta gainontzeko guztiak sortzen omen diren berdinerako: “Gure segurtasuna babesteko”.

Beraz, mundu fisikoan zelatatuak izaten ari ez garen inolako bermerik ez dugu, ezta gutxiago ere. Gure eguneroko jardunak uzten duen arrastoa norbaitek gero aztertu eta gure aurka erabiliko ez ote duen bermerik ere ez dugu. Eta zer gertatzen da mundu fisikoa bezain erreala den mundu birtualean, ordenagailuetan eta Interneten? Tamalez, gutako gero eta gehiagoren eguneroko bizitza birtual horretan ere berme gutxi ditugu. Gero eta gutxiago. Baina zorionez, badago kontrolatu dezakegun eremu bat. Nahiz eta gutxi sustatzen diren, kriptografia eta esteganografia tresna oso interesgarriak eta erabilerrazak daude. Aipatuko ditudan tresnak software librearekin egindakoak dira, hau da, kaleko jendeak berak sortutako tresnak dira eta gure datuen eta komunikazioen pribatutasuna bermatzen dute. Batzuk jada egiten badugu ere, erabil ditzagun guztiok, gure pribatutasuna defendatzeak merezi du eta.

Azalduko ditudan software, webgune eta abarrak edonoren eskura daude eta ez dira erabiltzen zailak. Enpresak askok beraien datuak eta komunikazioak behar ez den inoren eskutan ez jausteko erabiltzen dituzte. ETAk ere hauetako batzuk erabiltzen dituela jakina da (GnuPG ziur eta agian TrueCrypt ere bai). Baita munduko aktibista ugarik eta kaleko gero eta jende gehiagok ere, gure datuen eta komunikazioen pribatutasuna mantentzeak ez baitu esan nahi ezer ezkutatzen ari garenik, baizik eta gure funtsezko eskubide bat erabiltzen ari garela besterik ez. Gogoratzen dut orain dela urte batzuk nire bikotearekin mezu zifratuak elkartrukatzen nituela Internet bidez. Gure kontuetan inortxo ere ez sartzeko eskubide osoa geneukan eta teknologia berriez baliatzen ginen gure eskubideak bermatzeko. Nire lagun batek baino gehiagok bere ordenagailuko disko gogorra zifratuta dauka eta guztiok egin behar genukeela uste dut. Zergatik ez?

Tresna baliagarriak

CryptoSMS.org webgunean izen bereko programa aske bat jaits dezakegu, gure telefono mugikorrarekin oso era seguruan zifratutako SMS mezuak bidaltzeko aukera ematen diguna. Java jasaten duten telefono guztiek programa hori erabil dezakete.

Ordenagailuen bitartez bidaltzen ditugun e-posta famatuak ere kriptografia erabiliz zifra ditzakegu. Horretarako, GnuPG programa askea erabil dezakegu, munduan ehunka mila pertsonak egiten duten bezala. Aurreko programan bezala, instalatu eta programaren instrukzioak jarraituz gure gako kriptografikoak sortu behar ditugu, eta gero, munduko inortxok ere bortxatuko ez duen eran lasai-lasai bidali eta jaso ahal izango ditugu e-postak. Izan ere, e-posta arruntak bidean doazela edonork irakur ditzakeen postalak bezalakoak dira eta zifratutako e-postak, berriz, gutun-azal apurtezin bat duten gutunak dira. GnuPG programa e-posta bezero ezagunenekin erabil daiteke oso era erosoan (Thunderbird, Evolution, Outlook eta abar), baita webmail bezero batzuekin ere (Squirrelmail, GMail eta abar.).

Guk bakarrik irakurtzea nahi dugun fitxategiak kudeatzen ditugunean, Wipe programa erabiltzea ere gomendagarria da. Izan ere, fitxategi bat ezabatzen dugunean, bere edukia ez da benetan disko gogorretik ezabatzen; ezabatua bezala markatzen da, besterik ez. Horregatik, ezabatu ondoren ere fitxategi batzuk berreskuratzeko aukera izaten da horretan berezitutako programak erabiliz. Beraz, zifraketa programekin fitxategiak zifratzen ditugunean, zifratu gabeko bertsioa Wipe bezalako tresnekin ezabatzea da gomendagarriena.

Transmititzeko zifratzen ditugun fitxategien bertsio ez zifratuak era berezian ezabatzen ibili beharrik ez izateko eta aldi berean gure disko gogorrean gordetzen dugun guztia gu ez garen beste inork irakurriko eta aldatuko ez duela bermatzeko, fitxategi sistema kriptografikoak erabil ditzakegu. Enpresetan aukera profesionalak erabiltzen dituzte (SolFS, CFS, ZFS eta abar), baina nik TrueCrypt programa askea gomendatzen dut, erabiltzeko oso erraza baita eta aukera asko ematen baititu. Programa hori erabiliz, fitxategi bat, karpeta bat edo disko gogorreko partizio oso bat zifra daiteke. USB giltzak eta disko gogorrak ere zifra daitezke eta, “bidaiari modua” erabiliz gero (TCExplorer bitartez), naiz eta USB giltza TrueCrypt instalatua ez duen ordenagailu batetan sartu, gure datu pribatuak era seguruan irakurtzen jarrai dezakegu.

Hori guztia gutxi balitz, TrueCrypt programak, zifratutako bolumen normalak sortzeaz gain, esteganografia delakoa erabiliz ezkutuko bolumenak ere sortzeko aukera ematen du; hau da, babes maila bikoitza lor daiteke. Sistema horrek StegoFS fitxategi sistemak eskaintzen dituen aukera berdintsuak ematen ditu, baina edozein erabiltzailek egiteko moduan. Zifratutako bolumen baten gainean (beste pasahitz batekin) ezkutuko bolumen bat sor dezakezu eta norbaitek (epaile batek, zure amak…) sartzeko pasahitza eskatuz gero, zifratutako zatira sartzeko pasahitza bakarrik eman diezaiokezu. Zati horrez gain ezkutuko beste maila bat dagoen ala ez jakitea ezinezkoa da eta, horrenbestez, zuk bakarrik jakin dezakezu bolumen ezkuturik dagoen ala ez eta zein pasahitz duen. Zure datuak pribatutasun osoz kudeatzeko aukera bikaina beraz.

Nabigatzeko tresnak

Internetera konektatzen den ordenagailu orori IP helbide bat ematen zaio, ordenagailu hori identifikatzen duen zenbaki bat, eta nabigatzen dugunean webgune askok datu hori gorde egiten dute. Google bilatzaileak adibidez, datu hori egiten dituzun bilaketekin batera gordetzen du eta IP helbideak zure kokapen geografikoa nahiko ondo zehazten duenez, informazio hori marketin enpresei saltzen die.

Hori onargarria ez dela uste dugunok, Scroogle.org webgunea erabiltzen dugu. Web orrialde horrek, nahi dituzun bilaketak bere bitartez egiteko aukera ematen du; hala, Googlek jasotzen duen IP helbidea Scroogle webgunearena da. Gainera, Scroogle berak ez du zure IP helbidea gordetzen. Hau da, Scroogle webguneak Google bilatzailean bilaketak era anonimoan egiteko aukera ematen dizu.

scroogle

Bada zure pribatutasuna webgune guztietan batera bermatzea ahalbidetzen duen tresna bat ere. Tor programa askea da eta Interneteko paketeak bideratzeko orduan zure benetako IP helbidearen ordez beste batzuk agertzea lortzen du. Firefox nabigatzaile librean, adibidez, oso erraz instala eta erabil daiteke Tor, zuk ezer berezirik egin gabe era anonimoan Interneten nabigatzea ahalbidetuz.

Ikus daitekeenez, gure intimitatea gordetzeko era asko daude eta gehienak oso erabilerrazak dira; beraz, ez dago aitzakiarik tresna hauek ez erabiltzeko. Teknologia berriek gure pribatutasuna mugatu beharrean, egin dezagun gure pribatutasuna berma dezatela.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko azaroaren 27an argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , , , , , , , , , , , | Leave a comment

Indymediaren urteurrena

Munduko hedabide alternatiborik handienak 10 urte bete ditu.

indymedia

1999an, Munduko Merkataritza Erakundea urte hartako gailurra Seattle hirian ospatzekoa zela eta, gizarte mugimenduetako kide asko gailurraren aurkako manifestazioak eta beste hainbat protesta eta ekintza errebindikatzaile burutzeko prestatzen ari ziren. Botere lobbyek kontrolatutako hedabide korporatiboek talde horien arrazoiak, argudioak eta ekintzak txarto ematen zituzten aditzera nahita eta, ondorioz, urte hartan, hedabide independenteentzat Interneten gune bat prestatzea erabaki zuten. Hala, gizarte mugimenduetako aktibistek, gailurra ospatzen zen bitartean burutu ziren protesten inguruko kronikak, argazkiak, hausnarketak, bideoak eta era guztietako albisteak eta artikuluak argitaratu zituzten, albiste agentzien eta mass-media ahalguztidunen hesia apurtuz. Globalizazio ekonomiko soilaren aurka Seattle hirian batutako aktibistek ezbairik gabeko arrakasta lortu zuten, Indymediako lehen webgune horri esker beraien ahotsa mundu osora zabalduz.

Lortutako emaitzak ikusita, munduko talde ezkertiar eta aurrerakoi asko, lehen webgune horren eredua jarraituz, teknologia berriek eta bereziki Internetek eskaintzen zituen aukerak erabiltzen hasi ziren. Era horretan, hedabide independenteen gune desberdinak sare bat eratzen joan ziren, Indymedia bezala ezagutzen duguna hain zuzen. 2002. urtean Indymediak jada 90 webgune inguru zituen, Euskal Herrikoa eta Palestinakoa barne. 2006. urtean Indymediak 150 nodo baino gehiago zituen eta gaur egun, hamarkada baten ondoren, Indymedia sarea ia 200 webgunek osatzen dute. Beraz, munduko txoko gehienetan gertatzen diren gatazkei buruzko informazio iturri alternatiboa izatea lortu du Indymediak. Tokiko agintariek eta gobernuek diotenaren ordez, herritarrek zuzenean emandako informazioa eta datuak zabaltzen dituen hedabideen sarea.

Indymedian edonork argitaratu ditzake albisteak, Argitaratze Irekia izenarekin ezagutzen den printzipioa jarraitzen baitu. Jello Biafra musikariaren esaldi ezagun bat lelotzat hartu zuen Indymediak, zerbait esateko duen herritar oro kazetari bihurtuz: “Don’t hate the media, become the media” (Ez itzazu hedabideak gorrotatu, bihurtu zaitez zu hedabide). Bestalde, bere sorreratik Indymediak antiglobalizazio mugimendua deitu ohi zaionarekin loturak dituenez, globalizazio neoliberalaren aurka dauden aktibista askoren beste lelo hau ere bere egiten du: “Think globally, act locally” (Pentsatu globalki, ekin lokalki). Eta beraz, ehunka mila aktibistek, hainbat hizkuntzatan, gai mota zenbatezinak jorratzen dituzte egunero Indymediaren webgune desberdinen bitartez. Informazio hori guztia irrati libreekin, fanzineekin eta beste hainbat hedabide alternatiborekin trukatzen da, denen artean gizarte mugimenduen ahotsa ahalik eta gehien zabalduz. Adierazpen askatasuna eta informatua izateko eskubidea bermatzea du helburu Indymediak eta, horretarako, beste hedabideetatik desberdintzen duten ezaugarriak ditu.

Indymediaren bereizgarriak

Indymediako webguneek software librea bakarrik darabilte, software mota honek bakarrik ematen baitie teknikariei behar duten potentzia guztia (posta zerrendak, wikia, IRC txata, datu-baseak, web zerbitzariak, multimedia eduki kudeatzaileak, etab.), malgutasuna (programak norberaren beharretara moldatzeko aukera, adibidez programa euskaratuz) eta fidagarritasuna (programaren saltzaileek edo beste norbaitek nahita segurtasun akatsik eta Atzeko Ateak bezala ezagututakorik ezarri ez duela egiaztatzeko modua eskainiz). Azken gai horrekin lotuta, Indymediako zerbitzariek, beraien erabiltzaileen pribatutasuna bermatzeko, ez dute konektatzen den jendearen IP helbiderik gordetzen, poliziak edo epaileek eskatuz gero edo, inoiz gertatu den bezala, zerbitzariko disko gogorrak konfiskatuz gero, erabiltzaileen nortasuna jakitea teknikoki ezinezkoa izan dadin. Zerbitzari batzuek, horrez gain, disko gogorretako datuak kriptografia bitartez zifratuta gordetzen dituzte, bertako informazioa inork irakur eta alda ez dezan.

Horrez gain, Indymedia sareko webguneek beraien edukiei «copyleft» oharrak eta lizentzia libreak ezartzen dizkiete, webgune horietan egunero argitaratzen den albiste eta eduki jarioa bera ere libre bihurtuz. Era horretan, aurretiaz baimenik eskatu beharrik gabe albisteak edonork kopia eta zabal ditzake, aktibistek igorritako informazioa ahalik eta gehien hedatuz. Gainera, denborak aurrera egin hala, munduko gertakari asko eta askoren lekukotasuna gordetzen du Indymediak. Nolabait, Indymedia albisteen Wikipedia dela esan dezakegu, baina sarri boterearentzat oso deserosoak diren edukiak kudeatzen dituenez, erabiltzaileei segurtasun gehigarri bat ematen diena.

Indymedia Euskal Herria

2001. urtean, G8 taldeak Italiako Genoa hirian egin zuen bileraren aurkako ekintzetan parte hartzera gerturatu ziren euskal aktibistek bertan sortutako hedabide independenteen gunea ezagutu zuten: aktibistak etengabe gertatutakoaren inguruko albisteak, argazkiak eta bideoak igotzen, itzultzaileak, ordenagailuak, sareko konexioa, behin-behineko irrati bat… eta dena autokudeatuta. Aktibista horiek, Euskal Herrian Indymediako nodo bat sortzea oso interesgarritzat jo zuten eta, atez ate ibili ondoren, 2002ko urtarrilean Europako Indymediek Berlinen burutu zuten bileran beraien proiektua aurkeztu zuten.

indymedia

Lan asko egin ondoren, 2002ko ekainaren 24an, San Juan gauean, Indymedia Euskal Herria webgunea martxan jarri zen eta garai hartan Indymediak dagoeneko irabazia zuen izen onari esker, euskal gizarteko agente asko, batik bat Euskal Herriko gizarte mugimenduak, aktibistak eta beste hainbat, hedabide independenteen gunea erabiltzen hasi ziren.

Indymediaren iraultza

Indymediak lortutakoa zalantzarik gabe goresgarria bada ere, gaur egun bere papera pixka bat alboratuta dago. Jende askok eta askok jarraitzen du Indymedia osatzen duten webgune desberdinak erabiltzen albisteak zabaltzeko eta kalean gertatzen denaren berri izateko, baina azken urteotan teknologia berriak ikaragarri hedatu dira munduko txoko ugaritan. Lehen, Argitaratze Irekiaren printzipioari esker, Indymediak antzeko aukerarik ez zeukatenek beraien kabuz berriak era errazean (web 2.0a erabiliz), azkarrean (segundo batzuen ondoren informazioa guztientzat ikusgai dago) eta zuzenean (hedabide korporatiboetako bitartekaririk gabe) argitaratzeko aukera ematen zuen.

indymedia

Orain ere aukera horiek guztiak ematen ditu Indymediak, baina gaur egun norberak bere bloga sortzea hain da erraza, argazkiak eta bideoak igotzeko webguneak hain daude hedatuta, Indymediak eskaintzen duena ez dela lehen bezain berritzailea eta erakargarria. Horrenbestez, gizarte mugimenduen eta aktibisten jarduna blog eta zerbitzu desberdinetan barrena gero eta sakabanatuago dago. Gainera, kasu gehienetan enpresek gidatutako webguneak erabiltzen dira informazioa zabaltzeko (Blogger, Blogspot, Youtube, Facebook) eta, noski, horiei jendearen adierazpen askatasunak bost axola die; ez hori bakarrik, botere lobbyek informazio deseroso bat kentzeko edo pertsona bat identifikatzeko eskatzen dietenean, laguntza ematen diete.

Teknologia berriek ekarri dituzten aukera eta zerbitzu gehienak onuragarriak dira, horretan ez dago zalantzarik, baina Indymedia sortua izan zen jende motarentzat, arriskuak ere badakartzate hain modan dauden webgune ezagun askok. Maiz, jendeak ulertu ere egiten ez dituen arriskuak gainera. Hori dela eta, azken urteotan Indymedia eraldatzeko ideiak eta proiektutxoak agertu dira: IMC-CMS, IMC Alternatives, Indymedia Revolution… Sare sozial digitalak azkenaldian izaten ari diren arrakasta ikusita, Indymedia 2.0 baten beharrak gero eta premiazkoagoa dirudi. Hamargarren urteurren hau momentu egokia izan daiteke Indymediaren informazio eredua berritu eta biziberritzeko.

Datorren azaroaren 14an, larunbata, Indymedia Euskal Herria webguneko talde editorialak eta talde teknikoak asanblada bat ospatuko dute Iruñean eta, beste gai batzuen artean, Indymediak behar duen iraultza horri buruz ere arituko dira, Indymedia Euskal Herria webgunean nolako moldaketak egitea komeni den aztertuz. Interesa izanez gero, beraien webgunean begiratu harremanetan nola jarri eta zoaz bilera horretara, Indymedia Euskal Herriko bilera guztiak bezala guztiz irekia baita.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko azaroaren 13an argitaratu zen.

Erlaziodun artikuluak:

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , | 2 Comments

Gizarte mugimenduak Interneten

Sare sozial digitalen inguruan hausnarketa batzuk.

Mahai inguruko gizarte mugimenduak
Irudi originala

Urriaren 22tik 25era, Bilbao Open Day 2009 jardunaldiak izan dira. Hainbat hitzaldi, tailer eta erakusketaren artean, Politika 2.0 izeneko mahai inguru bat ere egin dute. Ekitaldiaren azpi-izenburua ondokoa da: gizarte eraikuntza berriak sare politiken bitartez.

Bertara gerturatu ziren aktibistez eta kuxkuxeroez gain, Interneten bitartez edo Interneti esker esan beharko genuke, lan politikoa egiten duten talde batzuetako kideak ere gerturatu ziren. Hasteko, talde bakoitzak bere burua aurkeztu zuen eta, jarraian, bertan bildu zen jendeak teknologia berriekin eta gizarte eraikuntzarekin lotutako gaien inguruan eztabaidatu eta hausnartu zuen.

Mahai inguruko taldeak

Bilboko mahai inguru horretan parte hartu zuten zortzi taldeak labur-labur aurkeztuko ditut. Politika 2.0 euskal herritar batzuek antolatutako taldea da, eta teknologia berriek politika egiteko moduan nolako eragina duten aztertzen dute (bai alderdi politikoen arloan, bai beste arlo batzuetan). Teknologia berrien laguntzari esker antolatutako ekimen batzuk ere prestatu dituzte, adibidez, Eusko Legebiltzarrean egin ziren hitzaldiak, baita “119 segundos” eta “11 minutu” proiektuetan grabatu ziren bideoak ere.

Nuestra Causa Espainiako Estatuan lan egiten duen taldea da, eta talde horretako euskal partaideek Denon Artean izeneko ekimen bat ari dira taxutzen Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Getxon. Pro Bono Público taldekoek, Parlio.org izeneko webgune bat egin dute, Eusko Legebiltzarraren jarduna eta legebiltzarkideen lana errazago eta argiago jarraitu ahal izan dadin. Neskateka Laudioko Udalak sustatutako proiektua da, herriko emakumeek kaleetako argiteria hobetzen eta seguruago ipintzen lagun dezaten.

Ohiko gizarte mugimenduei dagokienez, Ezebez hacktibistek bultzatutako “Software librea nahi dugu” sinadura bilketa aurkeztu zuten. Ekimen horren helburua euskal gizarteko eragile guzti-guztiek Eusko Jaurlaritzari software librea gizarteko esparru guztietan sustatzeko eskatzea da. Hamar urte bete berri dituen SinDominio proiektuko kideek ere hartu zuten parte mahai inguruan. Azaldu zutenaren arabera, beren helburua gaztetxeei, autokudeatutako zentroei eta gizarte mugimenduetako hainbat talderi teknologia berriak beren jardunean ustiatzen laguntzea da. Proiektu horrek autokudeatzen duen zerbitzariak software librea bakarrik erabiltzen du, eta ehunka webgune, blog, posta zerrenda eta e-posta kontu kudeatzen ditu; guztiak ere gizarte mugimenduen esparruan mugitzen diren pertsona eta taldeei daude eskainita.

Indymedia Euskal Herria webguneko kideek ere antiglobalizazio mugimenduari lotuta dagoen proiektu hau aurkeztu zuten, gizarte mugimenduei informazioaren esparruan ematen dieten zerbitzua azalduz. Bukatzeko, Hacktivistas taldeko kide batzuek teknologia berrien bitartez antolatu dituzten manifestazioak eta burutu dituzten protestak azaldu zituzten, garatu duten Xmailer izeneko tresna batekin edozein herritarrek Europako Parlamentuko kideei informazioa erraz eta sinple igortzeko aukera emanez. Talde horrek sarearen neutraltasuna eta teknologia berrien inguruko pribatutasuna defendatzen ditu, eta, era berean, Internetek jabetza intelektuala ulertzeko dugun modua eboluzionarazteko ekarpena egiten du.

Mugimenduen eraldaketa

Talde horien guztien jarduna ezagutu ondoren (eta gehienetako partaide naizenez gero), zalantza batzuk sortu zaizkit. Zer dira gizarte mugimenduak? Era honetako taldeak aipatzean, ohiko irudia etortzen zait burura; hau da, gaztetxe edo autokudeatutako beste lokal batetan bilerak egiten dituen kolektibo bat, adostutako erabakiekin aktak idazten eta gero taldeko kideei banatzen dizkienak, eta abar. Gai jakin baten inguruan gizartea sentsibilizatu nahi duten pertsonak hartzen dute parte gizarte mugimenduetako taldeetan. Talde horiek iritzi publikoan eragin nahi izaten dute, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte; hala nola, jaiak, manifestazioak, hitzaldiak edota bestelako ekintza sortzaileak. Hamaika ekimen. Hala, helburu zehatz batzuk lortu nahi izaten dituzte: lege aldaketak, instituzioek leku edo gai baten inguruan duten jokabidea aldatzea eta abar.

Ohiko gizarte mugimenduak aspaldi hasi ziren Internet eta teknologia berriak erabiltzen, batez ere posta zerrendak eta webguneak. Denborak aurrera egin ahala, gizarteko beste agenteek egin duten bezala, gizarte mugimenduek ere gero eta gehiago erabiltzen dituzte Internetek eta sare sozialek ematen dituzten aukerak: eduki kudeatzaileak, blogak, wikiak, albiste partekatzaileak, audio streaminga, video streaminga, podcastak, vodcastak, argazki partekatzaileak, P2P sareak, microblogging sistemak eta abar. Arazoak boterearentzat deserosoak diren edukiekin hasten dira, edota zuzenean agintarien aurka doazen edukiekin. Esate baterako, Italiak blogak legez kanpo usteko ahalegin egin du; Txinak biztanleria osoak Interneten egiten duen erabilera zelatatzen du; Iranek Twitter-en erabilera oztopatzen du; enpresek hedabide alternatiboen aurka egiten dute; Youtuben bideoak zentsuratzea lortzen dute; Israeldarrek beren aurka eta palestinarren alde hitz egiten duen erabiltzaile bat Facebook-etik botatzea lortu du; aisialdirako edukien bitartekariak diren hainbat enpresa boteretsuk P2P sareen aurka egiten dute, eta abar.

Orduan, gizarte mugimendu asko konturatzen dira azpiegitura independenteak garatu behar direla. Eta azpiegitura horien gainean gizarte mugimenduen garapena ahalbidetuko duten zerbitzuak ere bai. Hala eta guztiz ere, enpresa komertzialek sostengatutako webgune eta sare sozial digitalak hain indar handia hartzen ari direnez, gero eta zailagoa da horiek alde batera uztea. Horrez gainera, esan beharra dago gizarte mugimenduetako talde batzuen izaera dela-eta, aipatzen dudan egoerak arazorik ez diela sortzen. Agian botere lobbyen aurkako jardunik egiten ez dutelako edo egiten dutena gobernuei zein enpresei axola ez zaielako, beren energiari probetxua ateratzen diote sare sozial digitaletan. Horren adibidez asko daude Facebook, Tuenti, Hi5 eta Ning sare sozialetako talde askotan.

Estrategia berria

Edonola izanik ere, teknologia berriek oro har duen eragina ikusgarria da, eta, bereziki, Internetek duena: hedabideetan, jabetza intelektualean, giza harremanetan, hezkuntzan eta abar luzeagoan. Gizarte mugimenduetan ere eragin handia izaten ari da, azken urteotan batez ere. Hala, nire ustez, lortu duen puntu honetan gizarte mugimenduetako talde askoren izaera bera ere aldarazten ari da. Mahai ingurura hurbildutako talde berri batzuk horren adibide direlakoan nago.

Bukatzeko, kontuan izan behar da, era berean, estatu eta tokiko gobernu bat baino gehiago Internetek duen parte-hartze filosofia horren harira ekimenak burutzen ari dela. OpenGovernment dute izena mota horretako ekimenek. Beraz, Politika 2.0 markoaren barruan, gizarte mugimenduak eraldatu beharrean daude lehenago ala beranduago, eratzen ari den eskema berri horretan beren lekua eta estrategiak berrikusita. Bide horretan ia dena dago egiteko, eta gure erantzukizuna da gai hauei buruzko hausnarketak ahalik eta gehien sustatzea, gizarte mugimenduek gure gizartean sekulako garrantzia baitute. Eta ziur nago etorkizunean ere halaxe izango dutela, era batera edo bestera.

Argitaraketa: Artikulu hau GARA egunkariko GAUR8 larunbateko gehigarrirako prestatu nuen eta 2009ko urriaren 30ean argitaratu zen.

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , , , | Leave a comment

Gizonezkoen izenak euskaraz

Orain dela ia bi hilabete, aita izan nintzen eta gure semearen izena erabaki aurretik zerrenda bat prestatu nuen. Hona hemen zerrenda hori:

pdf
gizonezkoen-izenak.pdf (37 KB)

Baita OpenDocument formatuan ere:

odt
gizonezkoen-izenak.odt (20 KB)

Nire semearen izena 3. orrialdeko 7. zutabeko 8. lerroan dago: Julen.

Informazio gehiago:

Beste hizkuntzak: castellano, english

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , | Leave a comment

Zer egin software librea bultzatzeko? (2)

Aurreko artikuluan aipatu nituen Jakintza libreari buruzko jardunaldiak ospatu ziren eta nire aldetik, arratsalde horretan burutu genuen dinamikan software librearen inguruan egin ziren hausnarketak zabaldu nahi ditut.

jakintza librearen jardunaldiak

Bertan bildu ginen 30 lagunok erantzun beharreko galdera, besteak beste, hau zen: Zer urrats egin ditzakegu software librearen erabilera eta hedapena sustatzeko?

Hiru taldetan banatu baginen ere, erantzun bat baino gehiago errepikatu egin zen. Ikus dezagun jendeak zeintzu urrats, ekimen eta ideia proposatzen zituen software librea bultzatzeko:

  1. Umeek eskolatik software librearekin ikastea. Hori lortzeko modu desberdinak aipatu ziren. Eusko Jaurlaritzaren Eskola 2.0 ekimenaz aritu ginen pizka bat, baina ordenagailuek GNU/Linux sistema eragileaz gain Windows ere badutenez, ikasle eta irakasle ia guztiek ezagutzen dutena aukeratzen dutela azaldu zuten.
  2. Gizartearen arlo guztietan (etxean, enpresetan, administrazioan eta abar) formatu irekiak erabiltzea.
  3. Gizarteak arlo guztietan software librea (gehiago) erabiltzea. Batzuk bapateko migraketaren alde agertu ziren eta beste batzuk berriz pauso-pausokoa. Edozein kasutan, denok ados ginen software librea bultzatzeko ahalik gehien erabili behar zela eta gu geu ginela erabaki hori hartu behar genuen lehenak.
  4. Administrazio publikoa, herritarrak zaindu eta beraien interesak defendatu behar dituenez gero, software librea eta formatu irekiak bultzatu behar ditu, ezbairik gabe, ahalik azkarren eta kontra dauden interesei pribatuei aurka eginez.
  5. Software librearen onurak gizarteratu egin behar dira, familiari, lagunei, lankideei… Software librearen inguruan dauden mitoak ere apurtu egin behar dira. Eta berriz ere, zabalketa hau gizartea osoak egin beharreko zerbait da, norbanakoek, administrazioek, sindikatuek, enpresek… gizarte eragile guztiek.
  6. Ordenagailu bat erosten dugun bakoitzean, software librearekin eskatu behar dugu; modelo batzuk GNU/Linux-ekin saltzen direlako eta edozein kasutan saltzaileek eskari hori ikus dezaten.
  7. Periferikoak egiten dituztenek software librea kontutan izan behar dute.
  8. Software librearekin ez daude mota guztietako programak garatuta (jabedun softwarearekin ere ez), eta guztion ardura da gutxi-gutxika behar guztiak asetzeko aukerak lortzea.
  9. Software libre dezente euskaratuta dago jada hainbat eta hainbat herritarrei esker, baina itzulpenak sakabanatuak daudenez batzutan arazoak sortzen dira. Egindako lana behar bezala argitaratu behar da.

Open Space delako ekitaldian Maite Goñi eta Gorka Palaziorekin batera egon nintzen eta beraiek ere idatzi dute han gertatutakoari buruz.

Erlaziodun artikuluak:

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , | Leave a comment

Zer egin software librea bultzatzeko?

Datorren astean Azkue Fundazioak antolatuta, Jakintza libreari buruzko jardunaldi batzuk burutuko dira Bilbon.

jakintza librearen jardunaldiak

Bigarren egunean, maiatzaren 18an, Open Space ekitaldian, Maite Goñik, Gorka Palaziok eta hirurok, bertara gerturatzen direnekin batera euskararekin eta software librearekin lotutako galdera batzuri erantzuten saiatuko gara. Niri lantzea egokitu zaidan galdera ondokoa da: Zer urrats egin ditzakegu software librearen erabilera eta hedapena sustatzeko?

Galdera hemen argitaratzen dut nire hausnarketa batzurekin batera. Inork zerbait proposatu edo gehitu nahi izanez gero, aurrera! Nire erantzuna:

Jabedun software erabiltzaile bezala

Ahal den heinean formatu irekiak erabili. Ikastetxean, lanean, lagun baten etxean edo beste nonbaiten jabedun softwarea erabiltzera behartua baldin bazaude, aurrera, etzazu zure burua flagelatu. Baina gogoratu jabedun softwareak formatu itxiak erabiltzeko joera daukala erabiltzaileak bahitzeko. Beraz, egiten ari zaren atasaren arabera, erabiltzazu dagokion formatu ireki egokia: irudientzako JPEG edo PNG, testuentzako ODT, RTF edo PDF (ez DOC/DOCX), kalkulu orrientzako ODS edo CSV (ez XLS/XLSX), irudi konplexuentzako XCF edo SVG (ez PSD), aurkezpenentzako ODP (ez PPT/PPTX/PPS)…

Software librea erabiltzen duten zure ingurukoei (kontuan izan litekeena dela software librea erabiltzen dutela aipatu ez izana), lana erraztuko diezu eta horrek ere software librea hedatzen laguntzen du.

Era horretan, etorkizunean zu zeu jabedun softwarea erabiltzen hasten zarenean, zure datu gehienak prest izango dituzu. Gainera, formatu librean gordez gero arrisku gutxiago duzu etorkizunean datu horiek ulertuko dituen programa bat lortzeko.

Norbaitek formatu itxi batetan dauden datuak bidaltzen badizkizu (adibidez PPT barregarri bat birbidali dezazun), baliokide ireki bat baldin badago (ODP) zuk formatu irekia erabili (adibidez eduki berbera duen ODP fitxategia berbidaliz eta bidali dizunari ere kopia bat luzatuz fitxategi hori zein programarekin ikus daitekeen azalduz). Nik adibidez mezu hau erabiltzen dut:
OHARRA: mezu honi atxikitutako fitxategia OpenDocument formatu ireki eta estandarrean dago.
Librea (eta doakoa) den OpenOffice pakete ofimatikoarekin ikus dezakezu:
http://eu.openoffice.org/ (euskaraz)

Software libre erabiltzaile bezala

Firefox edo Interneteko estandarrak betetzen dituen beste nabigatzaile libreren bat erabiltzen baduzu, noizbehinka Microsoft Internet Explorer jabedun nabigatzailearen berezitasunetara bakarrik egokitutako webguneren batekin egingo duzu topo. Egoera hau jabedun softwareak bere erabilera sendotzeko erabiltzen duen trikimailu bat izanik, software librea sustatzeko, estandar irekiak sustatzea da bidea.

Beraz, webgune horren arduradunekin harremanetan jartzea komeni da (adibidez e-mail bat bidaliz gertatu zaizuna azalduz). Horretaz gain, nahi izanez gero, jendea egoera horren jakitun izan dadin beste ekintza batzuk egin ditzakezu: medioetara idatzi, blogaria bazara artikulu bat argitaratuz, existitzen diren beste foro eta antzeko webgunetan berria zabalduz eta abar.

Familian eta lagun artean

Software libre baten edo gehiagoren erabiltzailea bazara, software librearen erabilera sustatzeko beste gauza asko egin ditzakezu. Hasteko, zure lagun eta familiari software librearen aukeraz mintzatu eta dituen abantailak azaldu. Ez hori bakarrik, ohikoa da software librearen alde daudenek bere ingurukoei software mota hau instalatzea eta mantentzen laguntzea. Batzutan programa zehatz bat instalatuz eta erabiltzen azalduz eta beste batzutan sistema eragile guztia aldatuz (adibidez Ubuntu) eta mantentzen lagunduz.

Gure ingurukoek sistema eragile libre bat instalatzen animatu daitezen (jabedun sistema eragilearen ordez edo sistema horretaz gain, disko gogorra handia bada) instalazio jaiak ospatzea aukera on bat da. Era horretan, software librea erabiltzen duten lagun batzuk bildu eta denen artean beraien lagun eta ezagunei egun berdinean eta leku berdineanberaien ordenagailuetan software librea instalatzen eta erabiltzen laguntzen diete.

Eskolan eta lanean

Beste leku askotan ere software librearen aukera hor dagoela gogoraraztea ondo etorriko zaie: eskolan, lanean, etab.

Zure ikastetxean adibidez, klaseak emateko jabedun softwarea erabiltzen bada, jendeak zuzenean libreak diren programak erabiltzen ikasteak duen garrantziaz mintzatu zure irakasleekin eta informatika arduradunekin. Ez zara aditua izan behar horrelako eskari bat egiteko, izan ere, jabedun softwarea irakatsiz etorkizunean kalte egingo dizun menpekotasun bat sortarazten ari bait dira zuregan, eta hori salagarria da noski.

Lantegi edo bulego baten lan egiten baduzu eta jabedun softwarea erabiltzen bada, galdetu zergatik (askotan ohituragatik besterik ez da izaten). Arrazoi askorengatik, enpresari software librera pasatzeko plan bat burutzea mereziko dio eta zenbat lehenago hasi hobeto. Software librea erabiltzeagatik langileek onura asko jasotzen badituzte ere, enpresek beste onura batzuren artean software lizentzietan aurrezteko aukera dute.

Herritar bezala

Euskal Herriko biztanle bat gehiago bezala, ekintza desberdinak burutu ditzakezu software librea bultzatzeko. Adibidez, udaletxeko liburutegietan Internet-en nabigatzeko zerbitzuak izaten ohi dira. Ordenagailu horietan Firefox bezalako nabigatzaile libreak instalatzeko eskaria egin dezakezu. Nik egin nuen eta handik egun gutxira Firefox Euskaraz erabilgarri zegoen.

Hauteskundeetan bozkatzen dutenetakoa bazara, alderdi politikoen programa aztertzea gomendatzen dizut eta software libreari eta estandar irekiei buruz zer dioten begiratu dezakezu. Hauteskunde garaian euskal blogetan gai hau jorratzen duenik ere aurkituko duzu, zuk egin beharreko lana gutxituz.

Azkenaldian alderdi politiko batzuk herritarren ekarpenak eta parte hartzea eskatzen dute beraien programak osatzeko. Beraz, horrelako ekimenak ere uztiatu daitezke software librearen hedapena sustatzeko.

Hausteskundeei itxaron gabe ere, tokiko gobernuei softwarea librearen alde lan egin dezaten eskatzeko aukera ere badago. Hori da hain zuzen SoftwareLibreNahiDugu ekimenaren helburua. Software librearen alde beste hainbat ekitaldi publiko ere egin daitezke, adibidez Software Freedom Day ospakizunetan parte hartzea. Gizarteko kidea zarenez geroztik hamaika dira gizartean eragina izan dezaten egin ditzakezun gauzak. Asmatu berri bat eta aurrera!

Informazio igortzailea bazara (blogariak)

Hedabide batetan lan egiten baduzu, software librea zer den eta zeintzu onura dituen helarazteko aukerak ere izan ditzakezu. Baita informazio igortzaile izan zaitezkeen hegoera asko eta askotan ere: lagunekin hitzegiterakoan, familian eta abar. Blogaria bazara edo Interneteko webgune eta zerbitzu desberdinak erabiltzen badituzu (foroak, mikro-blogging plataformak eta abar), software librearen alde egiteko aukerak izango dituzu: software zehatz bat gomendatuz, beste erabiltzaileei zure laguntza emanez, eta abar.

Jendaurrean hitz egitea zuretzat oztopoa ez bada, zuk zeuk software libreari buruzko hitzaldiak eta demostrazioak egim ditzakezu. Ezagutza tekniko asko badituzu ondo, baina ez pentsa hori beharrezkoa denik. Jende gehineak oraindik ez du software librea inoiz ikusi eta zure azalpenak oso baliagarriak eta preziatuak izango dira. Animo!

Hizkuntzak baldin badakizkizu

Software librea tresna oso egokia da hizkuntza murriztuentzat eta horregatik software librea eta euskara uztartzen dituzten euskaldun asko daude: Librezale taldea, EuskalGNU taldea eta beste hainbat eta hainbat norbanako.Ezagutza tekniko gutxi edo bat ere izan gabe, hizkuntzat jakinda (batez ere ingelesa), software libre desberdinak euskaratzeko aukera dago. Baita programen webguneak, esku liburuak eta abar. Horrelako lanekin ere software librearen erabilera eta hedapena sustatzen da, zalantzarik gabe.

Irudigintza gogoko baduzu

Idaztea baino marraztea nahiago baduzu, software librea eta formatu irekiak bultzatu ditzakezu. Adibidez software libreko programek noizbehinka sortzen dituzten parte hartze irekiko ekimenetan.

Ezagutza teknikoak badauzkazu

Ezagutza oso teknikoak badauzkazu noski, nabariak dira software librea bultzatzeko egin ditzakezunak: software libre proiektuetan programatu edo proiektu berria hasi, programatzaileei softwarea ordenagailu mota eta instalazio mota desberdinetan frogatzen lagundu eta abar. Baina ikus daitekeenez, ez dira ezagutza tekniko oso sakonak eduki behar software librea beste modu askotan sustatzeko. Ekin diezaiogun bada!

Artikulu hau bukatzeko, Jakintza librearen jardunaldiei buruz beste gauza bat esan nahi dut. Maiatzaren 19an ere hitzaldi interesgarri batzuk izango dira. Begiratu egitaraua informazio gehiago izateko. Ez galdu!

Aldaketa (2010/05/16): Josuk iruzkinetan gogorarazi dudan bezala, zerrenda honetara software librea bultzatzeko beste modu batzuk gehitu ditut: lagunei software librea instalatzea eta erabiltzen irakastea, instalazio jaiak, hitzaldiak, demostrazioak, ekitaldiak kalean, … Eskerrik asko Josu! Zer gehiago?

Erlaziodun artikuluak:

Posted in Sailkatugabeak | Tagged , , , | 6 Comments